2026ko ekaina

Bigarren geltoki honetara pozik iritsi gara; hilabete honetan Metro Bilbaoren berritzeaz eta Bilbaobiziren hedapenaz berba egingo dugu, eta Pasaiako etorkizuneko geltokian murgilduko gara…

Eskerrik asko bidaia honetan jarraitzearren.

Trenbidea

Metro Bilbaoren berrikuntza

Joan den azaroan, Metro Bilbaok bere 30. urteurrena ospatu zuen. Ireki zenetik, garraiobide hau erreferente nagusia izan da Bizkaiko mugikortasunean, eta lurraldeko garraio publikoaren ardatz nagusi gisa finkatu da; hain zuzen ere, 2025ean 104 milioi bidaiariren errekorra gaindu zuen.

Duela aste batzuk, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) funtsezko hainbat lizitazio aktibatu zituen, metroaren berritze integralerako aurreikusitako datak eta jarduketak argitara ematen dituztenak. Berritze horrek seinaleztapen-aldaketak, unitate berrien heltze data, Aginte Postu Zentralizatuaren (APZ) modernizazioa eta balioztatze-makinetan bertan banku-txartelekin edo QR kodeekin ordaintzeko aukera barnebiltzen ditu.

Jarduketa nagusiak hiru bloke handitan banatzen dira:

Seinaleztapena: Gaur egungo CITYFLO 350 sistemak 135-150 segundo inguruko maiztasunak ahalbidetzen ditu. Sistema hau seinaleetan oinarritzen da, eta seinale horiek 250 m eta 900 m arteko banaketa duten kantonamendu finkoak (seinaleen arteko tarteak) sortzen dituzte. Egoera arrunt batean, sistemak ez du uzten tarte berean bi tren egotea, eta, ondorioz, pasatze-maiztasunak mugatzen ditu tren batek tarte osoa egiteko behar duen denborara. Hori dela eta, eskariaren gorakadari eta etorkizuneko balizko automatizazio bati aurre egiteko modernizazio-planak CBTC sistema bat instalatzea aurreikusten du. Telekomunikazioetan oinarritutako kantonamendu mugikorren sistema bat da, non trenen arteko distantzia ezinbesteko gutxienekora murrizten den, eta horrek pasatze-maiztasunak 90 segundora edo are gutxiagora murriztea ahalbidetuko du.

Material mugikorraren berritzea: Modernizazio-planak gaur egungo flota berritzea aurreikusten du, iaz 30 urte bete baitzituen zerbitzuan unitate zaharrenak. Tren berriek, berrikuntza gisa, leihoekiko paralelo jarritako eserlekuak izango dituzte, munduko beste metro batzuetan gertatzen den bezala. Horrez gain, CBTC seinaleztapen-sistema berrira egokituta egongo dira eta guztiz autonomoak izateko gaitasuna izango dute; hobekuntza horri esker, matxurak eta pasatze-maiztasunak murriztu eta energia-eraginkortasuna hobetu ahalbidetuko da.

Aginte Postu Zentralizatuaren (APZ) modernizazioa: Gaur egungo APZa etorkizunekoaren antzekoa izango da, baina lan-postu ezberdinekin eta bateratze handiagoarekin. Eskema ebolutibo bat diseinatu da CF350 sistemarekin eta CBTC berriarekin lanean jarraitu ahal izateko.

Aurreikusitako epeak:

  • 2026ko bigarren seihilekoa: Kontratuaren esleipena eta enklabamenduak berritzeko lanen hasiera.
  • 2026ko abendua: Aginte Postu Zentralizatua (APZ) berritzeko, CBTC seinaleztapen-sistema berria instalatzeko eta unitate berriak (700 Seriea) erosteko kontratu berriak sinatzea.
  • 2028ko abendua: Gaur egungo seinaleztapen-sistemara (CF350) egokitutako Aginte Postu Zentralizatu (APZ) berriaren lehen bertsioa funtzionatzen hastea.
  • 2029ko lehen seihilekoa: UT700 lehen unitatea iristea.
  • 2030:

– UT700 serieko lehen bi unitateak ustiapenean jartzea.
– APZ berriaren bigarren bertsioa zerbitzuan jartzea, gaur egungo teknologia eta estandar berria bateragarri egiteko gai izango dena.
– Seinaleztapen mistoko sistema berria (CBTC + CF350) hasierako aktibatzea eta sarean zerbitzuan jartzea.

  • 2031ko lehen seihilekoa: 500/550 seriea zerbitzutik pixkanaka erretiratzeko prozesuaren hasiera.
  • 2032ko ekaina: UT600 serieko 9 unitateetan CBTC sistema ontziratua instalatzeko eta egokitzeko lanak amaitzea.
  • 2034ko ekaina: UT700 seriea osorik zerbitzuan jartzea.
  • 2034aren amaiera: 500/550 serieko unitate guztien merkataritza-zerbitzuaren amaiera.
  • 2035eko maiatza: APZren behin betiko bertsioa zerbitzuan jartzea, funtzionalitate osoekin Full CBTC pean lan egiteko.
  • 2035eko abendua: Full CBTC sistemaren inplementazio tekniko integrala, bere funtzionalitate guztien % 100 sarean operatibo egonda.
  • 2036ko lehen seihilekoa: CF350 sistemako ekipamendu zahar guztiak behin betiko desmuntatzea eta erretiratzen amaitzea, modernizazioaren lehen fasea osatuz.

Eraberritze horrekin batera, joan den maiatzaren 31n, garraio-txartelak balioztatzeko makinen egokitzapen teknologikoa lizitaziora atera zuen CTBk. Hala, 2028an, QR kodea duten txartelak eta kreditu-txartelaren edo mugikorraren bidezko zuzeneko ordainketa ukipen gabekoa (EMV) onartuko dituzte makinek. Sistema hau dagoeneko badago Londres, Stockholm edo New York bezalako hiri handietan, eta metrorako sarbide zuzena erraztuko du, Barik txartela edo txartel magnetikoa erosi beharrik gabe.

Pasaiako geltokia bisitatu dugu

Ekainaren 15ean Pasaiako Topoaren geltoki berria bisitatzeko aukera izan genuen. Geltoki hau Altza-Galtzaraborda lurpeko saihesbidearen parte da, trenbide bikoitzeko 2,2 km-ko tunela, egungo trenbide bakarreko trazadura eta Pasai Antxoko geltokia ordezkatuko dituena.

Trazadura berri honek, Pasai Antxori puntu beltzak kentzeaz gain, Topoaren metrizazioari aurrerapauso handia ematen dio. Uztailaren 18an martxan jartzearekin batera, 7,5 minutuko maiztasuna eskainiko da Amara eta Pasaia artean. Maiztasun hori egunero emango da etengabe zerbitzu orduetan, asteburuetako goizetan izan ezik, non 15 minutuko maiztasuna eskainiko den. Gainera, larunbatetik iganderako gauetan 30 minutuko maiztasuna emango da Amaratik Pasaiara eta ordubetekoa Hendaiara. Altza saihesbide honen onuradun handia izango da, maiztasunak bikoiztu eta Hendaiarantzko ibilbide zuzena izango baitu. Altzako eta Pasaiako erabiltzaile kopurua bikoiztea aurreikusten da, saihesbide honekin eta Donostiako erdigunetik igaroko den saihesbide berriarekin, 2026ko urte amaierarako urreikusten dena.

Berezitasun teknikoei dagokienez, trazadarua berri hau Gipuzkoako ur azpiko lehen trenbidea izango da, Molinaoko errekastoaren azpitik igaroz. Halaber, 45 ‰-rainoko arrapala handiak nabarmenezkoak dira. Horretarako, 940 serieko tren berriak ipiniko dira martxan, 4tik 3 bagoi motorizatua dutenak. Tren hauek saihesbide berritik probetan ikusteko aukera izan genuen. Baldintza hauekin, Euskotrenen merkantzia-trenek ibilbide alternatibo bat erabili beharko dute, ziurrenik etorkizunean Pasaiako portutik barrena.

ETSko teknikariek obra egitean ingurumenarekiko izan zuten sentsibilitatea nabarmendu zuten. Anekdota gisa, Molinaoko errekan ahate kopuru bera zenbatu zuten obraren hasieran eta amaieran.

Tren irisgarriak Bilboko Aldirietako C-3 linean

Uda honetan, aldirietako tallerretara Renfek utzitako 447 serieko 11 tren helduko dira, zerbitzurako prestatzeko asmoz. Dena behar bezala arituz gero, udazken honetatik aurrera zerbitzua eskaintzen hasiko dira gutxinaka gutxinaka.

Tren berri hauek Bilboko Aldirietako Nukleko C-3 linearako baino ez dira erabiliko, Orduña Bilbao-Abandorekin lotzen duena. Tren hauen abantaila nagusia gaur egungo trenekin konparatuz gero (446 seriekoak) erdiko kotxean duten pisu baxua da, izan ere, gaur egun trenek duten maila aldea ezabazten da, mugikortasun murriztua duten pertsonen edo haurren gurdia trenera igotzen guztiz errastuz.

Aurrerapen hau 2024. urtearen amaieran estatuak aldiriko tren zerbutzia Eusko Jaurlaritzari eskualdatu ondoren hartutako konpromisoen parte da. Duela gutxi, Ollarganeko mantentze-instalazioetan egindako bileran, Mugikortasun Iraunkorreko sailburuak (Susana García eta Renfeko presidenteak (Alvaro Fernandez Heredia) harreman eta eta elkarrekin egindako lana nabarmendu zituzten.

Mugikortasuna jasangarria

Doako garraio-aldaketa Bizkaian

Hil honen hasieran, Sonia Perez Garraio diputatuak garraio publikoaren erabiltzaile guztiek asko itxarondako neurri bat iragarri zuen: operadore desberdinen arteko garraio-aldaketak dakarren kostu gehigarria kentzea. Gaur egun, Bizkaibusek, Bilbobusek, Euskotrenek eta Metro Bilbaok doako garraio-aldaketak ahalbidetzen dituzte beren sareen barruan, baina ez beste sare batzuekin konbinatzean; kasu horietan, bigarren bidaiaren kostu osoari % 20ko murrizketa besterik ez zaio aplikatzen.

Lehenengo fasea 2026ko urriaren 1ean hasiko da, Metro Bilbao eta Euskotrenen arteko proba pilotu batekin Txorierriko tartean, eta horrek banaketa- eta kudeaketa-eredua balioztatzea ahalbidetuko du. Ondoren, 2027an zehar, neurria trenbide-, tranbia- eta errepide-sistema osora zabalduko da.

Neurri berri honekin, urriaren 1etik aurrera, adibidez, Barakaldotik Zamudioko Teknologia Parkera Barik zorro-txartelarekin bidaiatzen duen pertsona batek 1,90€ ordaindu beharrean (garraio publikorako laguntzarik gabeko tarifa estandarra) 1,19 € ordainduko ditu. Oraingo tarifa hobetuei dagokienez (abenduaren 31ra arte indarrean daudenak), kostua 1,14€-tik 0,71€-ra igaroko litzateke. Gauza bera gertatuko zaio Getxon bizi eta Galdakaora joan nahi duenari.

Gainera, diputatuak gogorarazi zuen garatzen ari dela CTBren zonakatze berria, egungo tarifa-sistema sinplifikatzea ahalbidetuko duena, ulermena errazteko eta garraio kolektiboaren erabilera sustatzeko. Neurri hori 2027ko urtarrilako 31n hasiko da ezartzen, eta bost eremutatik hirura igarotzea ekarriko du, egungo 5. eremua 4.ean eta 3. eremua 2.ean integratuz, eta, kasu bakoitzean, eremu xurgatzailearen tarifa aplikatuz. Antolatze berri honek Bizkaiko garraio publikoko sisteman integratutako operadore guztiei eragingo die (Metro Bilbao, Euskotren, Bizkaibus eta Renfe Aldiriak).

Bi neurriak batuta, Mungian bizi den eta Ezkerraldeko edozein herritara doan pertsona batek 2,07€ ordaindu beharrean 1,19€ ordainduko ditu. Egungo tarifa deskontudunekin, kostua 1,24€-tik 0,71€-ra igaroko litzateke. Horrek % 40tik gorako murrizketa ekarriko du ibilbide batzuetan.

Bilbaobizi

Ekain honetan, Bilbaobizik bere zabalkundearen bigarren fasea jarri du martxan. Joan den ekainaren 16tik, bizikletak partekatzeko sistemak 18 geltoki gehiago ditu, eta hurrengo hilabeteetan beste bi gehituko zaizkie, Uretamendin eta Maria Diaz de Haron kokatuta.

Bigarren fase honek geltokiak gehitzeaz gain, eskari handiena duten geltokietako ainguraketa kopurua handitzea dakar. Neurri honen bidez, zerbitzuaren arazo nagusietako bat konpondu nahi da: Bilboko auzo guztiek Bilbaobiziko puntu bat dutela bermatzea.

Zabalkunde honekin, sistemak 66 geltoki eta 1.800 ainguraketa baino gehiago lortuko ditu guztira. Hedapen hau funtsezko tresna bihurtuko da zerbitzua hobetzeko eta hiribilduan bizikletaren erabilera sustatzeko, batez ere goiko auzoetan, mugikortasun jasangarri eta aktiborako alternatiba gisa.

GPEEren barne-albisteak

Agerraldiak komunikabideetan: Metro Bilbaoren etorkizuna aztertuko dugu

Ekainaren erdialdean, El Correo egunkarian labur hitz egiteko aukera izan genuen; bertan, gure ikuspegia partekatu genuen Metro Bilbaoren modernizazioak dakarzkigun aldaketak eta onurak aztertu ere. Gure ustez, gune hauetan parte hartzea funtsezkoa da mugikortasunari buruzko eztabaida herritarrengana hurbiltzeko.

Euskadiko Trenbidearen PTS berriko funtsezko proposamenak

Aste honetan, Euskadiko Trenbideko Lurralde Plan Sektorial (LPS) berriari buruzko informazio-hitzaldietan izan gara. Proposamen guztiak entzuteaz gain, gure aletxoa jarri eta guztion egunerokoa asko hobetuko luketen ideiak mahai gainean jartzeko baliatu genuen espazioa. Haien artean, Hondarribia-Irun-Behobia tranbiaren proiektua, Leioako eta Bilboko etorkizuneko tranbiak lotuko lituzkeen Barakaldoko tranbia, edota egungo eta etorkizuneko metro / trenbide-lineen trazaduran zuzenketa eta luzapen txikiak txertatzeko aukerak nabarmendu ditugu. GPEEtik gure ustez, mota honetako hitzaldiak funtsezkoak dira Euskadiko lurraldea eta garraio publikoa hobetzeko.

Hazten jarraitzen dugu!

Amaiera bikaina emateko, albiste bikain bat eman nahi dizuegu: Dagoeneko 85 pertsona baino gehiago gara buletin honetara harpidetuta gaudenak. Izugarri harrotzen gaituen zenbakia da, batez ere gure lehen urratsak ematen ari garela kontuan hartuta. Hainbeste jendek gure proiektuan konfiantza duela ikusteak aurrera jarraitzeko indarrez betetzen gaitu, urte amaieran erabat martxan egoteko helburu handi horretan jarrita daukagula begirada.

Bihotz bihotzez eskerrik asko bidaia honen parte izateagatik eta, gurekin batera, Euskadiko garraio publikoa bultzatzeagatik! Hurrengo geltokia uztailaren 31n, elkar ikusiko dugu!

Erosketa-saskia