2026ko urria
Hilabete honetan kanpoko eta barruko nobedadeak ekarri ditugu, Topoaren pasante berria bisitatu dugu, Bizkaian doako transbordoa egiteko proba pilotua hasi da, Espainiako Gobernuak adierazi du 2028an Gasteizko geltoki berria lizitatuko dela, ETSk Arriagaseko kotxetegien eraikuntza-proiektuaren eguneratzea esleitu du…
Topoaren pasante berria bisitatu dugu
Joan den urriaren 7an, GPEE-tik etorkizuneko Kontxako geltokira bisita bat antolatu genuen, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailarekin eta ETS-rekin elkarlanean.
Elkarteak antolatutako lehen jardueran, bazkideek saihesbide berriaren xehetasun guztiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Azpiegitura hau datorren azaroaren 21ean herritarrentzat zerbitzuan jartzea espero da.
Pasante edo igarobide berriak hiru geltoki izango ditu eta Amarako egungo zaku-hondoa ezabatuko du, sarearen edukiera handituz. Gaur egun, E2 lineako tren guztiek noranzkoa aldatu behar dute Amaran, horrek dakarren denbora galerarekin. Trazadura berriarekin, ordea, hori iraganeko kontua izango da. Azaro amaieratik aurrera, trenak Donostia azpitik igarotzen hasiko dira, tren-zerbitzua Bentaberrira eta erdigunera hurbilduz, 7,5 minutuko maiztasunekin egun osoan zehar. Beste hiri batzuetan gertatu den bezala, trenez erdiguneraino iritsi ahal izatea arrakasta-faktorea da, garraiobide honen erabilera sustatzen baitu ibilgailu pribatuaren kaltetan.
Lantaldeak GPEE-n
GPEE-n dagoeneko buru-belarri jarri gara lanean, eta hilabete honetan, gure lehen jarduera egiteaz gain, barneko lantaldeak ere abiarazi ditugu. Talde hauen helburua garraio publikoa hobetzeko etorkizuneko proposamenak lantzea da.
Bazkidea bazara eta parte hartu nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta eman izena “Aginte Postua” atalean.
Bilboko Metroaren 5. linea
Bilboko Metroaren 5. lineako lanak erritmo onean doaz aurrera. Azken bisita instituzionalean, gaur egun eraikitzen ari diren tarteen egoeraren berri eman da.
Aperribai eta Bengoetxeko geltokiak erabat hondeatuta daude. Sareko geltoki tradizionaletan ez bezala, “Cut-and-Cover” metodoaren bidez ari dira eraikitzen, eta honek, geltokiak tunel nagusiaren aurrerapenarekiko independenteki eraikitzea ahalbidetzen du. Sarratuko etorkizuneko geltoki intermodala, tunel faltsuan proiektatzen dena, lanengatik kaltetutako trenbide-zerbitzuak birjartzeko fasean dago. Jarduera hau ezinbestekoa da azalera libratzeko eta ondoren etorkizuneko geltokiaren nasak eraikitzeko. Azkenik, Galdakao eta Ospitaleko geltokiek Bilboko Metroaren haitzulo motako tipologia klasikoa mantenduko dute. Gaur egun, Ospitaleko geltokia hondeatze-fasean dago. Galdakaokoa, berriz, tunelaren aurrerapen-frontea noiz iritsi zain dago, ondoren geltokiaren haitzuloa hondeatu ahal izateko.
2026eko irailera arte, trazatua osatzen duten 6,2 kilometroen %61 hondeatu da, 5 tarteetatik 3 eraikitzen ari direlarik. Gainerako tarteei dagokienez, Usansolon 5. linea eta Euskotrenen linearen arteko lotura eta 2. linea eta Sarratu arteko lotura lizitatzeke daude. Azken aurreikuspen ofizialen arabera, 5. lineako obra zibila 2029 urtearen amaieran amaitzea espero da. Epeak betez gero, azpiegitura berria 2030eko lehen seihilekoan jarriko litzateke martxan. ía en servicio durante el primer semestre de 2030.
Arriagako Kotxetegiak
Hilabete amaieran, Euskal Trenbide Sareak Arriagako (Erandio) kotxetegien eraikuntza-proiektua eguneratzeko zerbitzuak esleitu zizkion IDOM ingeniaritzari. Proiektu honen plangintza urteetan zehar luzatu da, batez ere, etorkizuneko metro-sarearen garapenean izandako aldaketengatik. 2022an onartutako azken proiektuak kotxetegi horiek 3. eta 5. lineetarako erabiltzea baino ez zuen aurreikusten, 4. linea Abandotik abiatuko zela eta Irauregin bere kotxetegiak izango zituela suposatuz. Hala ere, 4. linearen behin betiko trazaduraren aldaketak proiektua eguneratzera behartu du, hasiera batean aurreikusitako instalazioen edukiera handitzeko asmoz.
Azpiegitura hau ezinbestekoa da 5. linea martxan jartzeko, izan ere, Euskotrenen esku egongo diren etorkizuneko metro-lineen ustiapenerako beharrezkoak diren tren-unitateak gordetzeko erabiliko da. Horrez gain, kotxetegi hauek Kadaguako linearen ustiapenerako beharrezkoak diren unitateak gordetzeko ere leku nahikoa izango dute, etorkizunean Eusko Jaurlaritzari egingo zaion azpiegituraren edota tren-zerbitzuen eskualdaketa aurreikusiz.
Eguneratze hau esleitu ondoren, eraikuntza-lanak 2027an zehar lizitatzea eta hastea espero da. Epeei dagokienez, hasierako proiektuak 20 hilabeteko eraikuntza-epea aurreikusten zuen, baina kotxetegien tamainak izango duen hazkunde nabarmenaren ondorioz, ziurrenik epeak luzatu egingo dira. Gainera, kotxetegi berrien eraikuntzak Kukullagako behin-behineko instalazioen desegitea ekarriko du. Horrela, tranbia Boluetatik Kukullagaraino luzatzea ahalbidetzeko behar den espazioa libre geratuko da.
Aurrerapenak Euskal Y-an
Euskal Y-ak aurrera darrai martxan jartzeko bidean. Irailaren 30ean obren egoerari buruzko hiruhileko txostena argitaratu zen, eta bertan jasotzen denez, tarte gehienak amaituta daude, hiriburuetako sarbideak izan ezik. Donostian Atotxako geltokia bukatuta dago, eta une honetan, Ipar Euskal Herriko mugaren eta Hernani-Astigarragako bidezubiaren artean hirugarren erraila jartzeko lanek aurrera jarraitzen dute. Gainera, azken hilabeteotan Loiolako tunelaren sekzioa UIC galibora egokitzeko lanak egin dira, Gaintxurizketako tunelean egin zen bezala. Hala ere, Kaputxinoetako tunelean ezin izan da zabaltze-lan hori aurreikusitako moduan egin, eta behin betiko irtenbide baten zain dago.
Bilbo eta Gasteizi dagokienez, bi hiriburuetako sarbide eta geltokien eraikuntza-proiektuak idazteko fasean daude. Gaur egun, Bilboko sarbidea hiru tartetan banatuta dago, eta horietako lehena 2027 hasieran lizitaziora atera liteke. Gainerako biek, aldiz, etorkizuneko Abandoko geltokiaren planteamenduan egindako azken aldaketak direla eta, atzerapenak izan dituzte proiektuen idazketan. Hortaz, lizitazioa 2027ko udara arte geroratu litekeela aurreikusten da.
Bitartean, Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak Dax-Hendaia abiadura handiko lotura bizkortzeko eskatu dio berriz ere Frantziako Gobernuari, Korridore Atlantikorako duen izaera estrategikoagatik. Azpiegitura horrek, Euskal Y-a Europako gainerako abiadura handiko sarearekin lotuko du, bidaia-denborak murriztuz eta mugaz gaindiko konektibitatea hobetuz. Nolanahi ere, Euskal Y-a irekitzean lotura hori oraindik martxan ez badago ere, abiadura handiko trenek muga zeharkatu ahal izango dute, Frantziak Europako trenbide-zabalera baitu, Euskal Y-aren berbera.
Gasteizko geltoki berria
Hilabete honetan, ADFI eta Garraio Ministerioak Gasteizko geltoki berria lur gainean integratzeko proiektua idazten ari direla iragarri dute. Hilabete honen erdialdean Ministerioak Udaleko, Eusko Jaurlaritzako eta Aldundiko ordezkariekin izandako bileran jakinarazi zuenez, geltoki berria 2028an lizitatzea aurreikusten da. Hortaz, data horretara arte itxaron beharko da proiektua xehetasunez ezagutzeko. Hala ere, aurkeztutako infografien arabera, geltoki berriak lurpeko atari bat izango du nasen azpian, Donostiako geltoki berriaren antzeko lurpeko lotura berri bat izango du, eta nasak zabalagoak izango dira, eskaeraren hazkundera egokituz. Lur gaineko geltoki berri horrekin batera, gainera, Zerio eta Jundiz arteko trenbideen integrazioa gauzatuko da.
Ekialdebus (Lurraldebus)
Urriaren 1ean Oarsoaldea eta Bidasoako lineetarako Ekialdebusen kontzesio berria martxan jarri zen. Aldaketa horrek hobekuntza nabarmenak ekarri ditu urteroko 10 milioi erabiltzaile baino gehiagorentzat. Hilabete honetatik aurrera, lineen izendapena aldatu egin da, eta “Or” edo “Bi” izango dira helburu duten eskualdearen arabera. Gaueko lineek, soilik udako larunbat gauetan zerbitzua eskaintzen zutenek, orain ostiral, larunbat eta jaiegun bezperetako gauetan zerbitzua eskainiko dute urte osoan zehar. Aldaketa horri esker, autoa etxean utzi eta gauez irten ahal izango dugu, azken trenaz edo autobusaz kezkatu behar izanik gabe. Guztira, 5 gaueko linea egongo dira Oarsoaldean eta 2 Bidasoan, eta gehienek 60 minutuko maiztasuna izango dute 00:00etatik 05:00etara. Lurraldebuseko kontzesio berriak ere edukiera handiko autobus artikulatuak eta maiztasun hobeak ekarri ditu hainbat linetara. Esaterako, lehengo E1 eta E2 lineek 20 minutuko maiztasuna izatetik 15 minutukoa izatera igaro dira lanegunetan eta larunbatetan.
Hala ere, aldaketa hauek kexak eragin dituzte bidaiarien artean, batik bat informazio faltagatik, ospitaleekiko edo EHU-rekiko zuzeneko lotura ezagatik, eta zenbait lineetako maiztasun-murrizketagatik (BI03 linearena, esaterako). Horregatik, kontzesioaren aldaketarekin sortu ziren zenbait gabezia arintzeko, joan den astearen amaieran hainbat aldaketa iragarri ziren.
Doako garraio-aldaketaren proba pilotua (Bizkaia)
Urriaren 1etik aurrera, Metroaren eta E3 linearen (Lezama-Kukullaga) arteko aldaketak doakoak dira. Irailera arte %20ko deskontua baino ez zen aplikatzen bigarren bidaian, nahiz eta 2015ean, 3. linearen inaugurazioaren aurretik, Txorierri metro-sarean integratuko zela iragarri zen, Bilboko iparraldeko auzoekin batera.
Neurri berriarekin, jatorri edo helmugako gunearen arabera, erabiltzaile bakoitzak 43 zentimora arte aurreztu ahal izango du bidai bakoitzeko, garraio-eragileen arteko linea-aldaketak sustatuz. 2027an zehar, neurria Bizkaiko Garraio Partzuergoko garraio gehienetara zabaltzea aurreikusten da.
GPEEtik doluminak helarazi nahi dizkiogu gaurko istripu larriaren biktimen senide eta lagunei. Era berean, elkartasun handiena bidaiariei, senideei, larrialdi-taldeei eta tren-langileei.
Beti bezala, jarraitu iturri ofizialetako informazioa bakarrik. Gertaera larri honen argibideen zain gaude.
