2026ko uztaila

Uztailak Gipuzkoarentzat urte historiko bat izango denari hasiera ematen dio, Altza eta Galtzaraborda arteko saihesbidearen inaugurazioarekin, udazkenean Donostiako Pasantearen irekiera eta Bidasoaren bi ertzen arteko mugaz gaindiko trenak itzulerarekin batera.
Eskerrik asko bidai honetan jarraitzearren.
Trenbidea
5 urteko lan konplexuen ondoren, joan den uztailaren 18an Topoaren lurpeko saihesbide berria inauguratu zen Altza eta Galtzarabordako geltokien artean, Pasaiako geltoki berriarekin batera. Operazioari dagokionez, azpiegitura berri honi esker, Altza geltoki pasante batean bihurtu da.

Sistema bera hobetzen ez duten beste lurperatze batzuk ez bezala, honek Herrera eta Pasaia arteko trenbidea erabat bikoizten du lehen fase batean, eta Galtzarabordaraino bigarren fase batean. Bikoizketa honi esker, maiztasunen igoera ere posible izan da, Pasaian igarotze-tarteak lanegunetan eta larunbat eta jaiegunetako arratsaldeetan 15 minututik 7’5 minutura murriztuz, eta larunbatetako gaueko zerbitzuak hobetuz. Pasaiako geltokia, guztira, eguneroko 136 zirkulaziotik 274ra igaroko da, batez beste.
Eskaintzaren handitzeari eta zerbitzu berriari aurre egiteko, Euskotrenek 150 makinista baino gehiago prestatu ditu, eta laster CAFek egindako 5 tren berri gehituko ditu bere flotara.
Hirigintza arloan, proiektuak Pasaiako udalerriaren bihotza eraldatu du. Lurperatzeari esker, Gure Zumardia plaza berurbanizatu ahal izan da, oinezkoentzako espazio eta berdegune berriekin, eta orain arte auzoari zerbitzua ematen zion eta etxeetatik metro gutxira zegoen trenbide biaduktua eraitsiko da.


Goiburuan adierazten dugun bezala, saihesbide honen inaugurazioa, Gipuzkoako trenbide-mugikortasunerako urrezko urte bati hasiera ematen dio. Ziur gaude Lugaritz eta Anoeta arteko Pasantea irekitzearekin batera oso jauzi garrantzitsua egongo dela herritarrek zerbitzuarekiko duten pertzepzioan.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioaren eta SNCF Réseau Frantziako estatuko trenbide-administratzailearen arteko hitzarmenari esker, Donostiako nukleoko C1 lineako aldiriko trenek Irundik Hendaiaraino ibilbidea luzatuko dute urritik aurrera.
Jose Antonio Santanok, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkaria, sinatutako akordioan, Frantziako estatuak Hendaiako geltokiaren zabalera iberikoko bi bideen eraistea geldiaraztea eta aldiriko zerbitzuak Ipar Euskal Herriraino zabaltzea ahalbidetzen du.

Bestalde, baieztatu egin da Frantziako TGVek berriro zeharkatuko dutela Bidasoa, eta ibilbidea Irungo geltokian amaituko dutela, 2017ra arte egiten zuten bezala. Aurreikuspenen arabera, mugaz gaindiko zerbitzu honek 2027ko urtarrilean jarriko da martxan, eta Irun eta Paris 4h 45min lotzen.
Horretarako, eta Euskal Y-aren jarduketen barruan, Irungo geltokiko UIC gunearen eraikuntza amaitzen ari da, frantziako estatutik etorritako trenak hartu ahal izateko.
Uztail honetan hasi dira aspalditik itxartotako Zabalganarako Gasteizko tranbia-sarearen handitze-lanak, topografia lanekin.

Proiektuak 5,5 km-ko luzera izango du eta sarera 11 geltoki berri gehituko ditu, Lovainatik abiatuta, ondoren Aldaia eta Mariturrirantz banatzeko. Lehen fasean, Aldaiako linea eraikiko da, 9,2 M€ inbertsioa izango duena, eta 13 hilabeteko eraikitze-epea.
Nahiz ta luzapena arrazoi operatibo hutsengatik egungo sarearekin konektatuta egongo den arren, linea erabat independente gisa funtzionatuko du. Hau da, bi lineak Lovainan hasi/amaituko dira eta egungo saretik jarraitzeko transbordatu egin beharko da.
Alde politikoak tranbiaren hurrengo jauziari begira dago jada, zehazki, Maider Etxebarria alkateak Eusko Jaurlaritzari formalki eskatu dio zerbitzua Goikolarra auzoraino eramatearen bideragarritasuna aztertzen hasteko.
Luzapen hauek abian jartzeak ekarriko duen eskaintza-igoerari erantzuteko, 70 M€ erabiliko dira flota handitzeko, 2028-2029rako aurreikusita dauden 12 tranbia extraluze berriekin.
Udarekin batera, gure lurraldeko udalerri askotara iristen dira jaiak, eta garraio publikoak berebiziko funtzioa betetzen du, farra on baten ondoren etxera itzultzeko inolako kezkarik gabe gozatzeko aukera eskainiz. Horregatik, tren eta autobus operadoreek zerbitzu bereziak programatzen dituzte ekitaldi hauetarako.
Metro Bilbaok Aste Nagusian etengabe lan egingo dituen 236 orduez gain, aurten nabarmendu behar da lehen aldiz (dakigunez behintzat) gaueko tren-zerbitzua egongo dela Miranda de Ebro eta Altsasu artean Gasteizko Andra Maria Zuriaren jaietan.


Autobusa
Gaueko mugikortasunaren gaiari jarraituz, Lurraldebuseko erabiltzaileek gehiago ordaintzeari utziko diote gaueko ordutegian bidaiatzeagatik, orain arte gertatzen zen bezala.

Gehigarri historikoa kentzeko erabakiaren helburua da tarifak eguneko zerbitzuen eta gauekoen artean parekatzea, txartelaren prezioa berbera izango dela bermatuz ibilbidearen ordutegia edozein dela ere.
Ekimen honen bidez, asteburuetako gauetan garraio publikoaren erabilera sustatu nahi da, ibilgailu pribatuaren aurrean alternatiba merkeagoa, seguruagoa eta iraunkorragoa izan dadin.
